Article KAZETA - 6 juillet 2010
Serbiellek lehio berria eskeiniko dio Gauargi festibalari
Idoia ERASO

Munduko haurrak eta dantzak elkartzen dituen Gauargi festibala uztailaren 16a eta 20a artean iraganen da Ezpeletan. Lehen egunak piperraren herrian ospatuko badira ere azken egunarekin inguruko herrietara zabalduko da jaialdia; Mugerre, Kanbo eta Milafrangara hain zuzen ere. Lehen aldikotz dantza tradizionalen festibalak dantza garaikideko ikusgarri bat eskeiniko du, "Sokamets". Peio Serbiellek Grenobleko Les Mutins konpainiarekin sorturiko ordu erdiko ikusgarria egunero ikusgai izanen da.
"Gauargi festibalari beste lehio bat eskeini diot ikusgarri honekin" adierazi du Peio Serbiellek Les Mutins talde grenoblearrarekin batera sortu duten dantza garaikideko ikusgarriaren ekarpena azaltzeko. Grenobleko taldeko haurrek eta Ezpeletako Ezpela taldekoek elkarlan bat eginen dute festibalean zehar. Ondoren gaztetxo ezpeletarrak Alpeen magalean den hirira hurbilduko dira urrian.
"Sokamets" Internet bitartez sorturiko egitasmoa dela azaldu du Serbiellek. Grenoble aldeko Jackie Simoncellirekin batera myspace.com webgunearen bitartez elkar ezagutu ziren eta informazio trukaketa ere horrela eman zen.
Ikusgarriaren tituluak aditzera ematen duen bezala euskarak eta euskal kulturak ikuskizunaren parte garrantzitsua dira. Peio Serbielleren kantuek osatzen dute musikaren parte handi bat eta aldi berean euskara eta frantsesa hiztegi bat ere izan zuten Les Mutinsekoek obra sortzeko mementuan.
Mazedonia, Ukrania eta Errumania
Urtero bezala atzerriko dantza talde tradizionalek, euskaldunekin batera, sortuko dute Gauargi festibaleko programazioa. Mazedonia, Ukrania eta Errumaniako taldeak izanen dira present Ezpeletan. Gauero jatorri anitzetako dantza herrikoi ezberdinekin gozatzeko parada izanen da.
Ezpelako gaztetxoek, Ukraniako eta Les Mutins konpainiako dantzariekin atelierra eginen dute festibalean zehar. Bertan landuko dena azken egunean aurkeztuko duten espektakulu txiki baten bitartez deskubritzen ahalko da.
http://www.gauargi.com
+33(0)5 59 93 95 02







